| Baldintza meteorologikoengatik, jarduera abenduaren 7ra atzeratu da. Oraindik izena eman dezakezu! Idatzi zastea@tisasa.es helbidera. |
| Topalekua: 9:30etan autobus bat abiatuko da Donostiako autobus geltokitik eta Pasaiara eramango gaitu 10:00etan itsasontziz ibilbidea hasteko Data eta Ordutegia: 2025eko azaroaren 9a (igandea), 10:00 (euskara, gaztelania) Publikoa: guztientzat Iraupena: 3 ordu |
Jarduera MATER ontzian burutuko da, Pasai San Pedron kokatuta dagoena. Parte-hartzaileek, benetako zientzilariak bailiran, itsas hondakinen zuzeneko bilketa eta sailkapena burutuko dute, parte-hartze dinamika batean; izan ere, partaideak hiru postu ezberdinetatik pasako dira: behaketa, salabardoen ardura eta sareen ardura.
Dinamika MATER ontziko tripulazioak gidatuko du, itsas zaborra biltzeko informazioa eta baliabideak emateaz arduratuko dena, eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) langile adituen azalpenek lagunduko dute, mikro eta nanoplastikoen efektu biologikoen azterketan.
Bilketa egiteko, bi sare mota erabiliko dira: bata, oro har plastikoak arrantzatzeko, eta bestea, azaleko mikroplastikoen laginketa egiteko. Hala, begi hutsez ikusten den zaborra jasotzeaz gain, gure itsas uretan aurki ditzakegun mikroplastikoak in situ jaso eta ikusi ahal izango dira. Azkenik, bildutako hondakinak karakterizatuko dira.
EHUko zientzialariek emandako azalpenetan oinarrituta, parte-hartzaileek plastiko horiek organismoetan eragin ditzaketen kalteei buruz hausnartu ahal izango dute. Horrela, plastikoek orokorrean, baina zehazki mikroplastikoek gure bizitzetan duten presentziaz kontzientziatu nahi da; baita horien erabilera murrizteko eta/edo sortutako hondakinak behar bezala kudeatzeko egon daitezkeen bideen inguruan eztabaidatu ere. Hori guztia, zientzia herritarraren dinamika batean.
